Prentsa-oharra

 Lurralde Lankidetzako Estatu Idazkaria Presidentzia pean

 Gaur eratu da Estatuko Administrazio Orokorreko Hizkuntza Ofizialen Kontseilua 

·          Espainiako hizkuntza ofizialen erabilera aztertu, sustatu eta Ministerio ezberdinen artean koordinatzeko kide anitzeko organoa da. 

·          Bere helburu nagusia da Estatuko Administrazio Orokorrean gai honen inguruan aplika daitekeen araudia betetzen dela bermatzea, eta Espainiako gizarteari eleaniztasunaren balioak helaraztea. 

·          Hizkuntza-eskubideen errespetuan eta sustapenean sakontzeko konpromisoa berretsi du Gobernuak, eta horretarako, Hizkuntzen Bulegoa izango du. 

2008ko urtarrilaren 28a. Gaur eratu da Administrazio Publikoen Ministerioan eta Fernando Puig de la Bellacasa, Lurralde Lankidetzako Estatu Idazkariaren presidentzia pean, Estatuko Administrazio Orokorreko Hizkuntza Ofizialen Kontseilua. 

Kontseilu hau, hizkuntza ofizialen erabilera aztertu, sustatu eta koordinatuko duen ministerioen arteko kide anitzeko organoa da, eta Estatuko Administrazio Orokorrean gai honen inguruan aplika daitekeen araudia betetzen dela bermatzea du xede nagusi. 

Kontseilua eratzeko bileran, araudiaren betetze-maila oso positiboa dela baloratu du, eleaniztasunaren sustapenean zein hizkuntza koofizialak dituzten autonomia-erkidegoetako hiritarren eskubideen bermatze-mailan emandako aurrerapen nagusiak nabarmenduz.

ITZULPENAK HOBETZEKO EKIMENAK

Iragan abenduaren 28an, herritarrek Zerbitzu Publikoetara baliabide elektroniko bidez jotzeari buruzko 11/2007 Legearen Garapen Plana onartu zuen Ministro Kontseiluak. Plan honetan jasotako neurrien artean, besteak beste, honako hau barne hartzen da: 2008. urtean zehar, behar duten ministerio eta erakunde publiko guztietan itzultzeko plataforma bat ezartzeko konpromisoa. Honi esker, edukiak hizkuntza koofizialetara zein atzerriko hizkuntzetara, eta bereziki ingelesera, itzultzeko prozesua bizkortuko du. 

Era berean, hiritarrei zuzendutako ziurtagiriak eta bestelako dokumentazioa automatikoki itzultzeko sistema baten proba-aldia amaitu du Justizia Ministerioak, eta honek, epe laburrera, erkidego elebidunean kokatutako erregistroetan funtzionatzen hastea ahalbidetuko du. 

Gainera, Kanpo Arazoetako eta Lankidetza Ministerioa, Hizkuntzak Interpretatzeko Bulegoaren bitartez, Batasunaren Itunaren eta Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren gainean finkatutako testuak Espainiako hizkuntza ofizialetara itzultzen ari da, eta laster jarriko ditu hiritarren eskura. 

Azkenik, Estatuko Aldizkari Ofiziala (BOE) eta Kataluniako Generalitata, Estatuko legezko xedapenak katalanera itzultzen egun ematen den denbora drastikoki murrizteko eta horiek hizkuntza horretan argitaratzeko mekanismo bat bideratzen ari dira elkarrekin. Prozedura hau, legeaz beste hizkuntzetan argitaratzeko BOEarekin hitzarmena sinatuta dituzten gainerako Autonomia Erkidegoetara zabaldu ahal izango da. 

HIZKUNTZEN BULEGOAREN SORRERA

Hiritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu eta sustatzearen aldeko ildo honetan sakontzeko Gobernuak hartu duen konpromisoa berretsi du Kontseiluak, eta horretarako, Hizkuntzen Bulegoa izango du administrazio-alorrean lagun. 

Lehen jarduera gisa, indarrean dagoen araudiaren betetze-mailari buruz Hizkuntzen Bulegoak une honetan ezagutzen duen egoeraren diagnostikoa eguneratuko du. Horretarako, hizkuntza koofiziala duten erkidegoetako Gobernu ordezkaritza guztietara bidaltzeko galdetegi bat prestatu du, epe laburrean, Estatuko Administrazio Orokorraren inguruko ahalik eta informaziorik fidagarriena eskuratzeko. 

Galdetegi honetan, eredu normalizatu, inprimatutako material, errotulu, bide-seinale eta publizitate-kartelak hizkuntza koofizialetan dituzten galdetzen da, bai eta hiritarrek Estatuko organoekin bere erkidegoko hizkuntzan komunikatzeko duten eskubidea errespetatzeko langileak dituztenentz.  

Administrazio Publikoen Ministerioak, Administrazio Publikoaren Institutu Nazionalaren bitartez, Estatuko Administrazio Orokor barruan eskatzen duten langileei hizkuntza koofizialei buruzko prestakuntza-eskaintza areagotzeko konpromisoa adierazi du, sail ezberdinek honen inguruan igortzen dituzten eskabideei erantzunez. 

Legegintzaldi honetan, 19.154 funtzionariok baino gehiagok hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak jaso dituzte, hau da, guztira, 67.197 eskola-ordu eskaini dira, kostua, 1,84 milioi eurokoa izan dela.

Datozen egunetan, erabiltzeko prest egongo da Administrazio Publikoen Ministerioaren web orrian eskegiko den Hizkuntzen Kontseiluaren web orria.