Guardia Zibilak lehen aldiz ospatuko du Euskal Autonomia Erkidegoan herritarrentzako ate irekien jardunaldia

05/06/2024

  • Marisol Garmendia: "Mugarri historikoa da, bizi dugun normalizazio demokratiko eta zibikoa islatzen duena"
  • Larunbat goizean, hilaren 8an, 11:00etatik 13:00etara, Vitoria-Gasteizko Sansomendiko kuartelean, publikoak agenteen lana bertatik bertara ezagutu, hainbat erakustaldiez gozatu eta jarduera interaktiboetan parte hartu ahal izango dute

 

Egun historikoa Guardia Zibilarentzat Euskal Autonomia Erkidegoan. Hurrengo hilaren 8an, euskal herritarrek Erakunde hori gertutik ezagutzeko aukera izango dute, Vitoria-Gasteizko Sansomendi kuartelean egingo den ate irekien jardunaldian. 11:00etatik 13:00etara, bertaratzen direnek aukera izango dute instalazioetara hurbiltzeko eta Guardia Zibilaren jarduera-eremuak bertatik bertara ezagutzeko eta jarduera interaktiboetan parte hartzeko, Marisol Garmendia EAEko Gobernuaren ordezkariak eta José Antonio Mingorance zonako jeneralak Vitoria-Gasteizko kuartelean bertan emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez.

Marisol Garmendiak uste du ekitaldi hau beharrezkoa dela eta oso baliagarria izango dela Guardia Zibila gizarteari hurbiltzeko. "Ekitaldi hau mugarri historikoa da Euskadin, bizi dugun normalizazio demokratiko eta zibikoa islatzen duena, eta normaltasun osoz hartu behar da. Segurtasun Indar eta Kidegoek zeregin nabarmena betetzen dute euskal gizartean beste polizia-kidego batzuekin batera  herritarren segurtasuna babesteko eta eskubide zibilak eta bizikidetza demokratikoa bermatzeko".

Horrelako ekitaldiak beste lurralde batzuetan egin ohi dira eta hemendik aurrera Euskadin ere normaltasun-maila hartzea da helburua. Gobernuaren ordezkariak azaldu duenez, "ate irekien jardunaldi honen helburua da Kidego hau zerbitzatzen duen gizarteari ezagutaraztea. Segurtasun Indarrek sustatzen duten gizartearengana hurbiltzeko beste urrats bat da, joan den maiatzaren 14an Sansomendi auzoko kaleetan zehar Erakundearen 180. urteurrena zela eta egin zen desfilearen ildotik".

Marisol Garmendiak eta José Antonio Mingorance jeneralak ekitaldien egitaraua zehaztu dute, eta hamar espezialitate inguru egongo dira jardunaldi horretan.  Horrela, jeneralak azaldu zuenez, honako hauek ezagutu ahal izango dira: Lehergailuak Indargabetzeko eta Nuklear, Erradiologiko, Biologiko eta Kimikoko Espezialisten Taldeak (GEDEX), Kudeaketa Aeronautiko eta Segurtasun Operazionaleko Polizia Talde Espezialista (PEGASO), Itsas Zerbitzua, Urpeko Jardueren Talde Berezia (GEAS), Zerbitzu Zinologikoa edo txakurrak trebatzeko Zerbitzua, Natura Babesteko Zerbitzua (SEPRONA), Polizia Judiziala, Ekintza Azkarreko Taldea (GAR) eta Trafikoa.

Mugarri hau datorren larunbatean izango da. Vitoria-Gasteizko kuartelaren ateak parez pare irekiko dira, gazteek eta adinekoek Guardia Zibilaren espezialitateak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten, hezkuntza-esperientzia ludiko bat eskaintzeko helburu nagusiaz.

Espezialitate bakoitzak stand bat izango du, non bere funtzionamendua eta lana egiteko erabilitako baliabideak zehatzago ezagutu ahal diren. Jardunaldian zehar, Guardia Zibilaren zerbitzu horien erakustaldiak tartekatuko dira, bertaratutakoei baliabideak eta funtzio eta gaitasun operatiboak gertutik ikusteko aukera eskainiz.

Hala, adibidez, txikienek aukera izango dute trafikoko motoetan ibiltzeko, kaskoez  hornituta, bi koloreko ibilgailuak gertutik behatzeko, Pegaso ekipoko dronea nola maneiatzen den ikusteko edo GEASeko ur-motora igotzeko. Txakurren azken erakustaldia izango da ekitaldi honen beste indarguneetako bat. Txakurrek trebatzeko ariketetan duten gaitasuna erakutsiko dute, gidariek lagunduta.