Marisol Garmendia: “Terrorismoaren biktimen kausa gure historiaren parte da, gure memoria kolektiboarena”

13/06/2024

  • Gobernuaren Euskadiko ordezkariak amaiera eman dio Terrorismoaren Biktimen Memorialean  Vitepaz-en Gurutze Handiak eta Leialtasunaren Gurutzea entregatzeko ekitaldiari  
  • Gure ondorengo belaunaldiek gertatutakoaren larritasuna, terrorismoak eragindako minaren dimentsioa eta nola egin zitzaion aurre ezagutu behar dute, gorrotorik gabe eta errebantxarik eskatu gabe ", adierazi du Garmendiak.  

 

Marisol Garmendia Gobernuaren Euskadiko ordezkariak amaiera eman dio gaur Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Gasteizko Zentroan ‘Terrorismoaren Biktimei Leialtasunaren Gurutze Handiak’ dominak emateko ekitaldiari. Bere hitzaldian, Garmendiak adierazi du “biktimen kausarekin konprometituta nago, ordezkatzen dudan Espainiako Gobernuak emandako aginduari jarraiki: beren memoria duintzea”.

Hauek izan dira sarituak: Gasteizko alkatea Maider Etxebarria, José María Arbex Miró (ANGC Amarillasko Markesa), Francisco Javier Benito Molina (AEGCko lehendakaria), Pascual Segura Iborra (Guardia Zibileko koronela, Bizkaiko Komandantziako burua), Juan Pablo García de Vinuesa González (Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa), Josean Rodríguez Ranz (Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren sailburuordea) eta Valentín Díaz Blanco (Dibisioko jenerala, SIGCko burua). Ohorezko aipamena ere egin zaio Polizia Nazionalaren Arabako Probintzia Buruzagitzari, María Teresa Herráez García komisarioak eta Jesús Herranz Torrubia EAEko poliziaburu nagusiak haren sorreraren 200. urteurrena dela eta.

Garmendiak terrorismoaren biktimak nabarmendu ditu, beren kausa "gure historiaren parte delako, gure memoria kolektiboarena ". Gobernuaren ordezkariak defendatu du beharrezkoa dela "Espainiako gizarteak biktimei etengabeko aitortza egitea, gertatutakoa ez ahazteko eta gizarte gisa indartsuagoak egiten gaituzten balio demokratikoak zabaltzeko".

Memoriaren defentsa hori askotan agertu da bere amaierako hitzaldian. "Gure ondorengo belaunaldiek gertatutakoaren larritasuna, terrorismoak eragindako minaren dimentsioa eta nola egin zitzaion aurre ezagutu behar dute, gorrotorik gabe eta errebantxarik eskatu gabe. Biktimen kontakizuna azken garaipenarena da; azken orrialdera arte irakurtzen den liburu horren kontakizuna, orri bat ere irakurri gabe uzteko tentaziorik gabe. Orri horiek ondo irakurrita bakarrik, non eufemismoek lekurik ez duten eta gauzei bere izenez deitzen zaien, eta ETAri terrorismoa deitzen zaion, elkar ezagutu eta elkarrekin bizi ahalko gara ", adierazi du.

Ildo horretan, lanak etengabekoa izan behar du, eta funtsezkoa da etorkizunari aurre egiteko. "Gertatutakoa ahazteko eta orria irakurri gabe pasatzeko saiakeren kontra egingo dut. Eta Espainiako Gobernuaren izenean, herriak terrorismoaren biktimekin duen betiereko zorra aitortzen dut. Beren indarra, irmotasuna, eskuzabaltasuna eta bakearekiko eta balio demokratikoekiko konpromisoa baliagarriak izan dira gaur egun guztiok ditugun eskubideak eta askatasunak defendatzeko. Elkarrekin lanean jarraituko dugu terrorismoaren biktimentzako memoria, egia eta duintasuna izango dituen gizartea eraikitzeko", gaineratu du.