Denis Itxaso:“Euskararen erabilera, biziraupena eta bizitasuna bermatzeko erronka berriei heltzea helburu partekatua da”.
03/12/2022
Euskararen Nazioarteko Eguna
- Gobernuaren ordezkariak ohartarazi du “egoeraren azterketa egiteko unea dela, hizkuntzak pairatzen dituen inguruabar berriak eta erabileraren murrizketa ikusita”
“Euskararen erabilera, iraupena eta bizitasuna bermatzeko erronkei heltzeko ordua iritsi da”. Hau adierazi du Denis Itxaso EAEko Gobernuaren ordezkariak Euskararen Nazioarteko Egunean, euskal herritar guztiek ospatzeko datan. Horregatik, Itxasok zorionak eman dizkie Espainiako Gobernuaren izenean euskal hiztun guztiei, euskararen erabiltzaile guztiei. “Euskal kulturaren adierazlea eta ondarea den hizkuntza, komunikaziorako, elkarbizitzarako eta berdintasunerako tresna izateaz gain. Komunitate elebidun honetan bakoitzak zein hizkuntzatan hitz egiten duen alde batera utzita, euskarak aberastu egiten gaitu eta nortasuna ematen digu, ezaugarri dugun aniztasunaren barruan”.
Ordezkariaren ustez, “euskal erakunde gehienek hizkuntza berreskuratzeko egindako lana aitortzeko garaia da”, eta “duela hiru hamarkada baino gehiago hizkuntza-normalizaziorako lehen politikak abian jarri zirenetik euskararen ezagutza-mailan izan den aurrerapen handia agerian uzteko garaia”.
Baina, era berean, egoera aztertzeko unea dela uste du, hizkuntzak pairatzen dituen inguruabar berriak ikusita. “Hausnarketa horrek barne hartu behar du hemendik aurrera abian jarri behar diren politiken ebaluazioa, egoera aldatu egin delako. 40 urtean lehen aldiz, euskararen erabilera gutxitzen ari da”.
Horregatik, “erakundeen arteko lankidetzaren alde egiten du, euskarak epe labur eta ertainean dituen erronka eta desafioei aurre egiteko, euskararen erabilera bultzatzen jarraitzeko gauzatu behar diren politika publikoek oraingo arazoei erantzun diezaieten. Politika horiek berariaz egokitu behar dira euskararen etorkizuna bermatzeko erronketara, eta Espainiako Gobernuak hausnarketa horren parte izan nahi du”.