‘Basque Way, Ameriketara itzulerako txartelik gabe bidaiatu zuten euskaldunen arrastoa’ erakusketak Euskadiko bira hasi du

‘Basque Way, Ameriketara itzulerako txartelik gabe bidaiatu zuten euskaldunen arrastoa’  erakusketak Euskadiko bira hasi du

16/06/2021

  • Erakusketa, Araban hasi eta ekainaren 30era arte luzatuko dena, gaiaren inguruan sakonduko duten hitzaldi eta ekitaldi sorta bat izango du, ekainaren 16tik 30era.
  • Bizkaia eta Gipuzkoatik ere igaroko da

 

Gobernuaren Ordezkaritzak, Acción Cultural Españolak (AC/E) eta Arabako Foru Aldundiak Basque Way erakusketa aurkeztu dute gaur Vitoria-Gasteizen, 12 geldialdi historiko  eta itzulirako txartelik gabe Ameriketara bidaiatu zuten euskaldunen arrastoak berreskuratu nahi duten argazki sorta batezko 20.000 kilometroko bidaia.

Ekimena, Tejas Rojas Elkarteak antolatua eta Gobernuaren Ordezkaritza, AC/E eta Arabako Foru Aldundia antolatzaile dituena, 1,5x2 metroko 12 kubo biltzen ditu. Erakusketa hiru euskal hiriburuetan zehar egongo da, gai berean sakondu nahi duten hitzaldi eta ekitaldien ziklo paraleloa programatuz.

Kuboak ekainaren 16tik 30era egongo dira Frai Frantzisko ibilbidean,Arabako Arte Ederren Museoaren eta Gobernuaren Ordezkaritzaren artean. Ondoren Bizkaia eta Gipuzkoarako bidea jarraituko dute.

José Andrés Torres Mora Acción Cultural Españolako lehendakariak, Denis Itxaso EAEko Espainiako Gobernuaren ordezkariak, Ana del Val Kultura eta Kirol ahaldunak, David Quintas argazkilariak eta Martin Ibarrola idazleak aurkeztu dute erakusketa Arabako hiriburuan.

Torres Morak aurkezpenean azpimarratu duenez, "erakundeen (Gobernuaren Ordezkaritza, Foru Aldundiak eta AC/E bera) eta Tejas Rojas elkartearen arteko lankidetza bikaina izan da Quintas eta Ibarrolaren lanen erakusketa egiteko". Halaber, "egungo osasun egoeran, aire zabaleko erakusketek duten garrantzia" nabarmendu du, "ikusle berriak erakarri eta hiriguneak dinamizatzen dituztenak". Azkenik, erakusketak kontatzen duen historiaren garrantzia azpimarratu du,  "euskaldunen historia izanik, espainiar guztien historia ere badela, gizateriaren historia delako".

Bestalde, Itxasok esan du erakusketa honek "euskal gizartearen tradizio ekintzaile, ireki eta kosmopolitari" lotzen diola. "Ikuspegi bukoliko edo endogamiko baten aurrean", gaineratu du, "euskal gizarteak etorkizun berriak konkistatzeko duen gogoaren berri ematen duten gertaera, aztarna eta pasarte asko daude Historian. Nortasun kultural sendoa duen gizartea da, Amerikako kontinentean ere arrasto ezabaezinak utzi dituena. Munduan ere ezagunak garen bokazio unibertsal hori berrirakurtzeko aukera ematen duen erakusketa da ".

Ana del Valek, berriz, azpimarratu du "erakundeen arteko lankidetzaren  garrantzia gure lurraldean beste euskaldunek munduan zehar utzitako arrastoaren historia kontatu ahal izateko eta beraiekin batera guri buruz pixka bat ikasteko". “Ziur nago Euskadi-Amerika edo Araba-Amerika lotura honek oso ondo azaltzen duela nolakoa garen gaur egun lurralde gisa, herri irekia, heterogeneoa, kosmopolita eta multikulturala " adierazi du.

David Quintasek nabarmendu duenez, "azken urtean Covid-19ren munduko pandemiak nazioarteko mugikortasunari buruzko galdera larriak sortu ditu, bai osasun arloan, bai ekonomian, eta herritarrak aisialdirako modu berriak bilatzera behartuta egon dira. Arrazoi beragatik, Basque Way-ren erakusketak iraganerako bidaia proposatzen du pandemiaren erdi-erdian eta etxetik atera gabe".

 

Ameriketatiko abentura

2003 eta 2019 bitartean, David Quintas argazkilariak hainbat argazki-espedizio antolatu zituen Latinoamerika, Estatu Batuak eta Kanadako herrialdeetara, 20.000 asfalto kilometro baino gehiago estaliz eta gure arbasoen arrastoa gordetzen duten lekuak, izenak, ohiturak, pasadizoak eta arkitekturak hilezkortuz.

Basque Wayk ibilbide hori errepikatzen du eta Martin Ibarrola kazetari eta idazleak idatzitako 12 istorio gehitzen ditu, Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuten bidaiari ausart haien testigantzarik harrigarrienak eta zirraragarrienak berpizten dituztenak, "kaskarrak bezain ohiz kanpokoak ziren bizitza haien oroitzapena omentzeko".

"Azken mendeetan zehar", azaldu du Ibarrolak, "ezin konta ahala euskaldunek zeharkatu zuten Atlantikoa, batzuetan asmo ez oso zintzoez, beste batzuetan aukera berria bilatzeko itxaropenaz, baina beti izpiritu geldiezin eta abenturazaleak gidatuta".

Kuboek Amerika puntatik puntara zeharkatzen duen ibilbide bat markatzen dute, Argentinako barnealdeko errepideetatik Ternuako kostalde izozturaino. Hain zuzen ere, horietako bi Kanadari buruz izango dira, bi AEBei buruz, bi Kubari buruz eta bat Mexiko, Venezuela, Brasil, Perun, Txil eta azkena Argentinari buruz.

Gainera, erakusketa bera ikusgai egongo da Bilbon (Itsas Museoaren aurrean) uztailaren 1etik 15era eta Donostian (Koldo Mitxelena Kulturuneren kanpoaldean) uztailaren 16tik 30era.

 

Programazio paraleloa

Bestalde, erakusketak hainbat hitzaldi eta ekitaldi dakartza berekin, gaian sakontzeko asmoz. Hona hemen programazioa:

Ekainak 16, 17:00etan. Erakusketaren inaugurazio ofiziala, Arantza Corderok egindako "Elvira Zuluetaren irudiaren inguruko narrazio antzeztua".

Ekainak 16, 17:30ean. Urretxu-Zumarragako Secundino Esnaola Musika Eskolak eta Donostiako Jakintza Musika Eskolak Fusio-kontzertua emango dute Arte Ederren Museoan.

Ekainak 17, 19:00etan. Xabier Agoteren hitzaldia "XVI. mendeko baleontzia  eskuz berreraikitzeko odisea". Ignacio Aldecoa Kultur Etxean.

Ekainak 21, 19:00etan. Javier Barreiroren hitzaldia: "Tangoa eta bere giza historioa XIX mendetik XXIra arte". Ignacio Aldecoa Kultur Etxean.

Ekainak 28, 19:00etan. David Motaren Hitzaldia: “Jesús de Galíndez Suárez: politikaria, irakaslea eta, espia?", David Mota. Ignacio Aldecoa Kultur Etxean.

Sarrera librea izango da edukiera bete arte.