Gobernuaren Ordezkariak eta Biktimen Memorialak 'ongi etorri'-en berbiktimizazioan jarriko du arreta, Memoriaren Egunaren bezperan

05/11/2020

EAEko Gobernuaren Ordezkariak eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak elkarrekin ospatuko dute Memoriaren Eguna terrorismoaren biktimei protagonismo osoa emango dien ekitaldi batekin.

Memoriaren Eguna azaroaren 10ean ospatzen da urtero Euskadin, 2010ean, Patxi Lopez lehendakariaren agintaldian, ezarri zenetik terrorismoaren biktimak gogoratzeko helburuaz. Oraingo honetan, Gobernuaren Ordezkaritzak ekitaldia hartuko du bezperan, azaroaren 9an, astelehenean, 12:00etan. Denis Itxaso Gobernuaren Ordezkaria eta Florencio Domínguez Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroko zuzendaria buru izango dira terrorismoaren biktimen hainbat senidek euren testigantza emateko ekitaldian.

Honako hauek izango dira senitartekoak: Ivan Ramos Torrano (Maite Torranoren semea, 1987ko apirilaren 25ean Portugaleteko talde sozialistaren egoitzaren aurkako eraso batean eraila); Lorena Díez Elorza (Jorge Díez ertzainaren arreba, Fernando Buesaren eskolta. ETAk 2000 urteko otsailean hil zituen biak) eta Francisco Javier Sáenz Martínez (1985an eraildako Alejandro Sáenz guardia zibil ohiaren semea).

Aitorpen horren bidez, Ordezkaritzak eta Memorialak intolerantzia terroristak eragindako sufrimenduaren egia aldarrikatu nahi dute eta, aldi berean, Euskadiko biktimen senideen borroka isila eta askotan baztertua oroitzen dute.

Kartzelatik irtendako ETAko presoak omentzeko ekitaldiak, 'ongi etorriak' izenekoak, izango dira Ordezkariaren eta Memorialeko zuzendariaren adierazpenen ardatza. Biktimentzat, horrelako 'omenaldiek' haiekiko enpatiarik ez dutela erakusten dute eta elkarbizitzarako bidea desbideratzen dute. Denis Itxasok azaldu duenez, "Modu asko daude preso ohi horiek lausengatzeko, beharrezkoa ez den kalte eta  berbiktimizatzailerik eragin gabe".

Biktimen familientzat, horrelako gorespenek pairatzea tokatu zitzaien infernua berriro bizitzea dakarte eta biktima bitan sentitzen dira, samin eta heriotzazko istorio bat nola jariatzen den ikusita. Itxasoren arabera, kontua ez da presoek egindako kaltea izapide administratibo huts gisa aitortzea. Hausnarketa "zintzoa" egin behar da eta horrek omenaldi publikoak saihestuko lituzke espetxetik atera eta gero.

Florencio Domínguezek, bere aldetik, Memoriaren Eguna "terrorismoaren biktimek jasandako bidegabekeriaren aitorpen soziala lortzeko" aukera bat dela adierazi du. Ildo horretan, gogorarazi du, Biktimen Euskal Legeak adierazten duenez, memoria "absenteak,  eraildakoak,  baina baita  bizirik  irtendakoak, zaurituak,  bahituak, estortsionatuak, mehatxatuak eta haien guztien familiakoak" aitortzea dela.