Autonomia Erkidegoen analisi ekonomikoa

Erabatekoa izan dadin, Autonomia Erkidegoei buruzko edozein azterketak beharrezkoa du adierazle jakin batzuk lantzea, lurralde bakoitzaren gaur egungo errealitate sozio-ekonomikoa zein den ezagutzea ahalbidetzen digutenak, azken hamarkadetan izan duten eboluzioaren gaineko jarraipena egitea ahalbidetzeaz gain.

Erkidegoen errealitatea ekonomikoa islatzeko, egoera-adierazleak zein hazkuntza-adierazleak erabiltzen dira. Adierazle horiek gaur egun Autonomia Erkidegoek gero eta aldakorragoa den kanpo-ingurunean aurrera egiteko dituzten aukerak –baita zailtasunak ere– adierazten dituzte, ingurune horretara etengabe eta atzerapenik gabe egokitu beharra baitute. Adierazleak Espainiako eta Europako Erkidegoko erakunde publikoek eskaintzen dituzten azken datu estatistikoen arabera lantzen dira.

Autonomia Erkidegoen ekonomia- eta finantza-profilaren azterketak kualitatiboki bestelakoa den eremu batean barneratzen gaitu, azken urteetan Autonomia Erkidegoen BPGdak izandako eboluzioa eta bere lan-merkatuaren egoera abiapuntutzat hartuta eta Erkidegoen arteko portaera desberdintasunari eta horren arazoei erreparatuta. Hortik aurrera, ekoizkortasunaren eta ekoizpen-egituraren inguruko analisiak garrantzia berezia dute, ekoizkortasuna, enplegu-tasarekin batera, biztanleko BPGdaren determinatzaile zuzena baita. Ekoizkortasuna ukiezinak diren bi aktiborekin estuki lotuta dago: giza kapitala eta teknologia. Autonomia Erkidego bakoitzak aktibo horien inguruan dituzten zuzkidura desberdinek Erkidegoen arteko ekoizkortasun-aldeak azaltzen laguntzen dute. Horregatik, giza kapitalari, ikerketa eta garapenari (I+G) eta garraio-sareei buruzko adierazleetara erreferentziak egiten dira. Mota horretako analisiak egiteko, ez dira alderdi demografikoak alde batera uzten, eta, bereziki, immigrazio-mugimenduek erkidegoetako ekonomietan izandako eraginak.

Autonomia Erkidegoen ekoizpen-ahalmena areagotzeko eta bete-beteko garapena izatea zailtzen duten oztopoak gainditzeko dauden aukerak analisi ekonomikoan ikertzen diren politikekin estuki lotuta daude. Estatuko Administrazio Orokorrak zein Europar Batasunak, Autonomia Erkidegoekin lankidetzan, aurrera daramaten lurralde politika gutxien garatuta dauden Erkidegoen hazkuntzan positiboki eragin aldera zuzenduta dago. Asmo horrekin, ekoizpen-faktoreen zuzkiduren pilaketan jartzen du arreta berezia politika horrek, batez ere kapital teknologikoarena, giza kapitalarena eta azpiegiturena; enpresen eta enpresa-ekimenen sorkuntza ahaztu gabe.