Kulturak 333.000 euro laguntzetan eman dizkie euskal enpresei proiektu digitalen bidez sorkuntza, modernizazioa eta berrikuntza sustatzeko

16/12/2020

  • Gobernuaren Ordezkari Denis Itxasok: “Kultura-industriek kalitatezko enplegua eta talentua erakartzen dute. Hazkunde-sektorea da eta sormena eta berrikuntza dakarzkio eredu ekonomikoari"

 

Kultura eta Kirol Ministerioak 333.000 euro laguntzetan eman dizkie kulturan aritzen diren euskal enpresei, proiektu digital eta teknologikoen bidez,  modernizatzeko eta berritzeko zein kultura sustatzeko ere bai. Alde batetik, 161.736,78 euro eman ditu Interneten eduki digital kulturalen legezko eskaintza handitzeko eta industria kultural nahiz sortzaileak modernizatzeko eta berritzeko. Bestalde, 171.120,10 euro laguntzetan eman ditu ekintza eta sustapen kulturalerako. Bi partiden deialdia Kultura Industrien, Jabetza Intelektualaren eta Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak egin du.

Laguntzetako bi deialdi horien bidez lortu nahi den helburua da teknologia berrien bidez kultura-produktuak eta -zerbitzuak eskaini ahal izatea, kultura-eskaintzaren sorkuntza eta hedapena bultzatzea eta kultura-kudeatzaileak eta -ekintzaileak prestatzea. Gainera, kultura- eta sormen-enpresak sortzen eta finkatzen laguntzea, enplegua sortzen laguntzea, sektorea nazioartekotzen laguntzea eta partikularrek eta enpresek kultura-jardueretan mezenasgoaren bidez parte har dezaten eta erabakiak hartzeko gaitasuna izan dezaten sustatzea.

EAEko Gobernuaren Ordezkari Denis Itxasok  kultura- eta sormen-industriek datozen urteetako hazkunde ekonomikoan duten zeregin estrategikoa nabarmentzen du. "Kultura-industriek kalitatezko enplegua eta talentua erakartzen dute. Eredu ekonomikoari sormena eta berrikuntza dakarzkion hazkunde-sektorea da".

Fundazioak eta elkarteak izan dira ekintza eta sustapen kulturalerako laguntzen onuradun nagusiak. Batez ere, enplegua sortzeko, hiri-eremuan eta landa-eremuan kultura-lotura eta -komunikazioa areagotzeko eta, bai Espainiaren barruan, bai kanpoan kultura-adierazpenak sustatzeko eta zabaltzeko duen gaitasunagatik. Euskadin, Arkeolan Fundazioak 25.000 euro jaso ditu Oiasso 2020 digitalizazio proiektuagatik. Bilbao Seriesland jaialdia (serie digitalen nazioarteko jaialdia) antolatzen duen Floston Kultur Elkarteak 21.900 euro lortu ditu, eta Durangoko Artaide Kultur eta Gizarte Laguntzaile Elkarteak beste 20.000 euro  "Balkoitik balkoira" proiektuagatik, diruz lagundutako beste erakunde batzuen artean.

Kultura- eta sormen-industriak proiektu digitalen eta teknologikoen bidez modernizatzeko eta berritzeko partidari dagokionez, laguntzarik handiena Bizkaiko Elektrart Innovación Cultural y Tecnológica SLk jaso du, 35.000 euro, VRSTAGE proiektuagatik. Errealitate birtualean murgiltzen duen digitalizazioko eta eszena- eta kultura-programazioko hedatzeko plataforma da. Lastur Bookin S.L.-k ere 35.000 euro lortu ditu Transformación digital LT iUniversity proiektuagatik. Gipuzkoan, Dibulitoon Studio S.L. enpresak 30.000 euro irabazi ditu 'Yokoren oporrak' marrazki bizidunen pelikulagatik.